XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

CLARA GANGUTIA, OROIMENAREN ARKITEKTURA ESTRAINOEN BIDEETAN Aurelia ARCOCHA.

Clara Gangutia-k, agorrilaren 5a arte erakusten zituen bere obrak, margo, marrazki eta ur fuerte, San Telmo erakustokian.

Mundu estrainoa, Clara-rena, edifizio ilun, zeru kexatuak, ilunabarreko ortzantz baten ondotik ateraiak, hedoiak ihes doazilarik zeruan, haizeak paperak aira arazten dituelarik, lehen argi basoak pizten direnean.

Aintzinetik erranen dut gehienik gustatu zaizkidan obrak ur fuerteak izan direla eta bereziki azken urteetakoak.

Halere zenbait kolorezko margoek badute indar berezi bat, hala nola ordulariaren itzala (1987), Andres eta Ni (1987) edo Etxe berdea-k (1986).

Arkitekturak leku handia hartzen du margolari honen obran, alabainan, margo gehienetan arkitekturako elementu bat, dekorazio xehetasun bat, Concha-ko barandillak bezala (1986) oihalaren espazio osoaz jabetuko dira.

Gure eguneroko unibertsoan, egunero ikusten ditugun gauzak, erran nahi da, askotan ez ikusten, begiak usatzen bait dira eta gureganik sobera hurbil dauden pertsonak bezala, ez bait ditu gero, gehiago ikusten.

Clara-ren begiradak, burdin, zimenta edo harrizko lengoaiei espresabide berri bat ematen die, objetoaren bizi gordea sumatuz, ingurinakatuz, kontexto berri batean bakartuz eta denbora berean gure begirada berrituz.

Maleruski, erran genezake batzuetan agertzen diren pertsonaiek hausten dutela menturaz giroa, bainan bakoitzari bere gusto!.

Gisa guziz, eta ororen gainetik, pertsonalitate azkar bat, gaurko begirada zorrotz bat ere, nonbait desarrañatzen gaituena, funtsean ez ote da hori artistaren funtzioa?.

Gure eguneroko lo goxo bezain lanjeros hortarik (a! letargiaren leuntasuna!) jalgi araztea ipurdian ostiko handi bat emanez!.

Oroit gaitezen, etsenplu famatu bezain arbitrario batzu hartuz, Vermeer-en margoetan dauden eguneroko gauza xumeen presentzi hartaz, tapiza, pitzar, baso, petenta, oihal eta beste, oroit gaitezen ere Van Gogh-ek pintatuzko kadera hain hunkigarri hartaz, eta gureganik hurbilago, ba margolari, ba zizelkariek nola gure eguneroko errealitatean kokatzen diren kontserba boata, garbitzeko errauts paket, ala auto hilikiei (ikus adibidez Arman zizelkari frantsesaren akumulazioak) erregetza ematen dien.

Modu bat, kontsumoko gizartea salatzeko eta momentuko arkeologi bat egiteko, objetoa mundu oso baten sinbolo bilakatzen bait da (ikus Clararen Bidona 1985 edo Concha-ko hondartza 1986).

Clara hunkitzen duten arkitektur elementoak, gure eguneroko unibertsoan hatxeman eta ikus daitezke, karrikan, gasolin postu bat, pizina edo geltoki bat, hogei ta hamar urteetako edifizio Villa fin de síecle bat, Segovia karrikaren gainean pasatzen den viaduktoa 1984, duela zenbait mende eraikia dirudiena...

Denbora nahasketa. Arkitekturako elementuak, bereziki gris tonuetan erakutsiak direlarik, halako bizi beldurgarri edo estrainu batetaz jabetua dirudi; objetuak bere funtzio ofiziala denek ezagutzen dioguna, galtzen bait du, hori erran daiteke adibidez Filosofia eta Letretako Fakultateaz 1984, edo Porto Pi gasolin postuaz 1984.

Clara-ren obra, emazte baten obra ere.

Emazte gazte bat, bere intimitatean, bere mutikoarekin, ganbararen aterbean, radioa ondoan duela, kleenex mokanesak gaueko mahainttoaren gainean, manta gorri batek dena berotzen duelarik (Andres eta Ni] 1987, oliozko margoa); eguneroko familiako eszenak, inportanteak direnak margolaria emaztea delarik... ere.

Clara Gangutia 1952an Donostian sortua... horrela hasten da margolari honen abentura... bainan ez dezagula gure artikulua iferzinaz egin.

Margolari emankor bat, seguraski ere heldu diren urteetan oraindik gehiago sakonduko dena eta biluziko dena surrealismoaren influentzi urrunak arras ahantziz eta gehiago esentziari hurbilduz, gero eta gehiago sartuz, bere barneko munduaren bidexka eta xendra estrainuenetan.